XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txakurrak, berriz, goseak bait zegoen gajoa ere, arrenka hasi zitzaion astoari.

- Adizak, adiskide; mesedez makurtu hadi pixka bat bederen, nire jana har dezadan, ogisaskian zegok eta.

Astoa aho beteka ari zen jaten ordea eta ez zion jaramonik egin.

Entzun ez ziolakoan zakurrak berriro erregutu zion; ez zuen halare astoagandik inolako erantzunik jaso.

Hirugarren aldiz ere ekin zion eskean, baina bai zera!, astoak lehenean jarraitzen zuen, belar gozo hartarik jan gabe unetxo bat ere utzi nahi ez eta.

Hainbeste zaunkaz asperturik azkenik haserre astoak: - Itxoin ezak pixka bat, hi! Emango dik nagusiak esnatzen denean.

Laister esnatuko dela uste diat eta eutsi pixka bat gose horri.

Hau esan ondoren, lasai asko ekin zion berriro larreari abere erruki gabe hark.

Baina hara tupustean non agertzen den otso bat nik al dakit nondik.

Astoari erantsi zion begiradan argi nabarmentzen zitzaion egunetan deus jan gabe zebilela.

Hauxe somatu orduko arrantzaka hasi zen astoa zakurrari nolabaiteko laguntza eskatuz.